por los derechos sexuales y reproductivos · sexu eta ugalketa eskubideen alde

Aquí encontrarás todas las actividades que desarrollamos a favor de los derechos sexuales y reproductivos / Hemen sexu- eta ugalketa eskubideen alde egin ditugun ekintza guztiak aurki ditzakezu

Fistula obstetrikoa: Afrikako eta Asiako nesken aurkako indarkeria ikusezina

Urriaren 11n, Nesken Nazioarteko Eguna ospatuko da, hain zuzen ere, mundu osoko milioika neska jasaten ari diren zaurgarritasun-egoera bereziari arreta eskaintzeko helburuz Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2011n ezarritako egun berezia. Afrikan eta Asian nagusiki bizi diren milioika neska eta emakume jasaten ari diren indarkeriaren ondorioetako bat da fistula obstetrikoa. Erditze luze –batzuetan, lauzpabost egun ere irauten ditu– eta oztopatu batek sortua izaten da, eta horrelakoetan, haurraren buruak urradura bat eragiten dio amari maskuriaren eta baginaren artean edo uzkiaren eta baginaren artean, eta haurra, kasu gehienetan, itota hiltzen da. Badu zerikusirik horretan Etiopiako Tigray eskualdean erditzeetatik % 44 landa-inguruneetako etxeetan izateak, prestakuntza berezirik ez duten pertsonek lagunduta, tradizio horrek areagotu egiten baitu fistula obstetrikoaren kasuak gertatzeko arriskua.

Erditze hauek eragiten duten ondorioetako bat gernu nahiz eginkarien inkontinentzia izaten da. Hori jasaten duten neskek eta emakumeek usain sarkor eta desatsegina izaten dute eta, horrexegatik, beren herrixketan estigmatizatuak izateko edo senarrek eta senitartekoek abandonatuta geratzeko beldurrarekin bizi ohi dira.Batzuetan, errudun sentitzen dira Jainkoaren zigorra jasaten ari direla uste dutelako, beren kulturan emazteei eta amei ezarritako eginkizun tradizionalak ez betetzeagatik.

Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako datuen arabera, urtero, fistula obstetrikoaren ondorioak jasaten dituzten neska nahiz emakume gazte afrikar eta asiarrak50.000 eta 100.000 bitartean izaten dira, eta tratamendurik hartzen ez dutenak bi milioi izan daitezkeela aurreikusten da. Hori hala izanik ere eta neska nahiz emakume gazteentzat ondorio larriak dituen arren, arazo horrek ikusezin izaten jarraitzen du munduko biztanle gehienen begietara; batez ere, “garatutzat” kontsideratzen diren herrialdeetan bizi garenon begietara.

Munduko neska eta emakume askoren erronka garrantzitsuenetako bat erabakitzeko ahalmena edukitzea da bai beren ezkontzari buruz–zein adinetan eta norekin ezkondu–, bai familia-plangintzari buruz –noiz eta zenbat seme-alaba eduki nahi dituzten– eta bai erditzearen plangintzari buruz –non eta zein pertsonaren laguntzarekin eduki nahi duten–; arazo horiek guztiek badute zerikusirik emakumeen sexu-eskubideak eta ugalketa-eskubideak errespetatu eta gauzatu ahal izatearekin, eta oraindik ere konpondu beharreko arazoetako bat izaten jarraitzen du mundu osoan.

Etiopiako Tigray eskualde-estatuko landa-inguruneetako emakumeekin burututako ikerketa-lan batean (bertako emakumeek urte askotan jasan dituzte arazo honen ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak) kontatu zidaten beren herrialdean gauza arrunta dela ezkontzak bi aldeetako aitek elkar hartuta adostea, neskak oraindik ere nerabezarora iritsi gabeak direnean, eta haurdunaldiari eta erditzeari buruzko erabakiak, berriz, senarren esku egon ohi direla.Senarrek erabakitzen dute non eta noren laguntzarekin erdituko diren beren emazteak.

Gaur egun, Tigrayn, oraindik ere adin gazteetan erabakitzen dira ezkontza asko eta asko. 10 eta 14 urte bitarteko nesketatik % 6,1ek eta 15 eta 19 urte bitarteko nesketatik % 25ek, kasu gehienetan, hitzartutako ezkontzak izaten dituzte.Jokabide hori, Etiopiako Konstituzioak 1995az geroztik debekatua duen arren, oso hedatua dago landa-inguruneetan batez ere. Hori dela eta, beren gorputzak oraindik ere ama izateko erabat garatu gabe egon aurretik gertatzen da neska hauen lehen haurdunaldia; eta hori, neska eta emakume gazteen aurkako indarkeria modu bat da, baita fistula obstetrikoaren arrazoi nagusia ere.

Aipatutako ikerketa horretarako elkarrizketatutako emakumeek sarrien aipatzen dituzten ondorio sozial eta psikologikoen artean auzotarrek egiten dieten gizarte-bazterkeria, errudun-sentimendua, depresioa, umore-aldaketa bortitzak eta abar daude. Urteetan beren herrixketan diskriminaturik eta bazterturik sentitu izan direla kontatzen dute, etxetik ur bila, azokara edo Elizara joateko beldurrez, fistula obstetrikoak eragindakoek jasaten duten gizarte-estigmatizazioaren ondoriozko bazterkeriari dioten beldurragatik. Horietako batzuk etxebizitza nagusiaren alboko gela batean bakarturik bizitzera behartzen dituzte, eta beren arropak intsentsuz keztatzen dituzte, botatzen duten usain txarra ezkutatzearren.

Mila neska eta emakumeri eragiten dien egoera honi aurka egiteko, beharrezkoa da beren sexu-eskubideak eta ugalketa-eskubideak ezagutzea eta Estatuak horiek gauzatu daitezela bermatzea. Adin gazteetan hitzartutako edo behartutako ezkontza horiek, beraz, haurdunaldi goiztiarrak, haur-heriotzak eta fistula obstetrikoa jasateko arrisku handia eragiten dituzte.

Eskubide horiek bermatuta ez egoteak eragindako errealitatea da hori, eta halaber, nesken eta emakumeen aurka egiten den indarkeria mota baten parte da. Fistula obstetrikoaren prebentzioak, beraz, ezkontzeko eta lehen haurdunaldia izateko adina atzeratzea dakar berarekin, eta horrekin batera, zainketa obstetrikoaz eta familia-plangintzaz baliatzeko eskubidea bermatzea. Prebentzio horrek aldaketaren alde egitea eskatzen du; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean heziz eta hori bermatuz, eta halaber, nesken eta emakumeen funtsezko eskubideak ezagutzea eta benetan gauzatu ahal izatea.

Bideari ekin diogu dagoeneko. Alde horretatik, Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk fistula obstetrikoaren diagnostiko goiztiarrari buruz eta tratamendu medikoari buruz Tigrayn egiten ari diren lan garrantzitsua azpimarratu behar da, bai landa-inguruneetako neskentzat nahiz emakumeentzat kaltegarriak diren jokabide tradizionalak ezabatzeko eta bai neska eta emakume horiek gizarteratzeko ere. Nabarmendu beharra dago, era berean, jardunaren azken urrats honetan, gizarte-aldaketaren alde lanean ari diren eragileak urteetan fistula obstetrikoaren ondorio fisikoak, psikologikoak eta sozialak jasan izan dituzten emakumeak berak direla.

Autorea: Liher Bakaikoa Erro, soziologoa eta Emakumeen eta Generoaren azterketetan aditua, Medicus Mundi Gipuzkoarekin elkarlanean

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Información

Esta entrada fue publicada en octubre 13, 2015 por .

Fotos de Flickr

Follow por los derechos sexuales y reproductivos · sexu eta ugalketa eskubideen alde on WordPress.com

Síguenos en Twitter

información medicusmundi gipuzkoa

943 40 47 40
A %d blogueros les gusta esto: