por los derechos sexuales y reproductivos · sexu eta ugalketa eskubideen alde

Aquí encontrarás todas las actividades que desarrollamos a favor de los derechos sexuales y reproductivos / Hemen sexu- eta ugalketa eskubideen alde egin ditugun ekintza guztiak aurki ditzakezu

“Teknologia berrien bitartez emakumeen aurkako indarkeria ez da hain nabarmen gauzatzen”

foto_ianire_webTeknologia berrien zale sutsua da Ianire Estébanez, baina tresna hauen arriskuak ere ikusten ditu eta nahasmen birtual honetan, burua zertxobait galtzen ari garela onartzen du. “Mi novio me controla lo normal” deituriko blogean idazten du eta bertan, galdera irekiak planteatzen ditu. Nerabeengan maitasun erromantikoaren ideiak eragin handiegia duela uste duen arren, nerabe horiek arrazoitzeko, konturatzeko eta etorkizuna aldatzeko duten ahalmenean ere sinesten du.

Egun gutxi barru burutuko dugun “Fundamentalismo eta Sexu eta Ugalketa Eskubideen II. Nazioarteko Topaketan” parte hartuko du Estebanezek, eta aukera hori baliatuz, gazteria eta teknologia berrien inguruko solasaldi bat egin dugu berarekin. Teknologia berrien bitartez gertatzen den jazarpen birtuala izan dugu hizpide, baina baita medio horien ahalmenaz ere, informazioa hedatzeko edota ekintzak antolatzeko. Azken batean, sare sozialak tresnak besterik ez dira  eta arazoa, gizartean dago. Ildo horretatik, psikologoak gizartea berdintasunaren ameskerian bizi izan dela azpimarratu du, baina  gizartea aldatu ordez  matxismoa aldatu dela  nabarmendu du.

– Zure bloga “Mi novio me controla lo normal” deitzen da. Zer da izenburu original bat edo gazte askok bizi duten egoeraren deskribapena?

Emakume gazteetan oinarritutako ikerketak egiten hasi ginenean aurkitu genuen egoeraren deskribapen edo laburpena da; kontrolarekin zerikusia duten jokaeren normalizazioa. “Nire, mutil-lagunak kontrolatu egiten nau, baina hori arrunta da” kontatzen ziguten, “apur bat jeloskorra da, baina ez da aparteko ezer; mundu guztia bezalakoa”. Normalizazio horri aurre egiteko oso garrantzitsua iruditu zitzaidan ironiarekin jokatzea eta normala zer den galdetzea. Zure mutilak zer egin behar duzun esatea ez da normala, ez da normala zu kontrolatzea. Izenburua, beraz, gazteek bizi duten normalizazio edo itsukeria horren laburpen bezala jaulki nuen.

– Zer aurkituko du gazte batek zure blogean? Zein da Blogger bezala zure helburua?

Maitasun erromantikoaren inguruan heltzen zaizkigun mezuen aurrean jarrera kritiko bat sortzea da nire helburua, estereotipotan oinarritzen diren emakume eta gizonen irudiei aurka eginez. Pelikuletan, musikan, istorioetan… pasioa gatazkarekin lotzen da eta harreman istilutsuak  leuntzen saiatzen dira. Blogarekin ez ditut irakasgaiak eman nahi, gazteak euren kabuz irizpideak ezartzeko, arrazoitzeko eta euren ondorioak ateratzeko gai dira. Galdera irekiak uzten ditut, eurak izan daitezen beren buruaz galdetzen dutenak, besteak maite ote duten edo ez pentsatu beharrean. Galde diezaiotela euren buruari harreman hori ondo datorkien, komeni zaien edota benetan eurak nahi dutena ote den. Helburua, euren beharren inguruan galdetzeko ahalmena itzultzea da, protagonista egitea.

-Hainbat ikerketen emaitzei begiratzen badiegu, gazteen arteko harremanen egoera kezkagarria da. Agertoki ezberdinetan baina betiko arazoen aurrean aurkitzen al gara?

Aldatu direnak bitartekoak dira, oinarrian dagoen arazoa, ordea, betikoa. Teknologia berrien bitartez, gazteek beste modu batera erreproduzitzen dute sexismoa, baina komunikatzeko eta harremanak izateko beste era bat dutelako. Neskak, ez dira  identifikatuak sentitzen belaunaldi nagusiagoko emakumeek bizi duten genero-indarkeria kasuekin. “Horrek ez du gurekin zerikusirik”, “gu ezberdinak gara”, esaten digute… Baina arazoak sustrai bera du eta indarkeria berbera da, nahiz eta modu sotilago batean azaleratu. Teknologia berrien bitartez, indarkeria berriak sortzen ari dira, baina atzean dagoen jeloskorra betikoa da. Aldatzen den bakarra bitartekoak dira. Duela gutxi argitaratu zen albiste batek zioen, Whatsapp-ak bikoteak apurtzen zituela, baina Whatsapp-ak aplikazio gisa ez du ezer egiten. Jeloskorra, bere bikotekidea momentu oro non eta norekin dagoen jakin behar duena da eta beste pertsona batzuekin ezin duela hitz egin pentsatzen duena. Askotan, errua, teknologia berriei botatzen diegu, baina erabileran datza arazoaren muinak. Tresna hauekin, hein batean, neska “begi-bistan”  jartzen da eta horrek arriskuan jartzen du. Izan ere, aplikazio hauek informazio asko eskaintzen dute beste modu batera lortuko ez genuena. Orain momentu oro jakin dezakezu zure bikotekidea non dagoen eta erantzuten ez badu, ez dizula erantzun nahi pentsa dezakezu, bere mugikorrak Internetara sarrera duelako, piztuta daukalako… Oso aplikazio intrusiboak dira, baina arazoa atzean dago, oraindik harreman heterosexual, sutsu eta menpekoan sinesten baitugu. Hori da aldatu behar duguna.

-WhatsApp, Facebook, Twitter… erasotzaileak bere kontrola areagotzeko tresna gehiago al ditu orduan?

Bai. Teknologia berrien zale sutsua naiz, gauza on asko dituztela sinesten dudalako, ziberekintza, esaterako. Baina, era berean, jendearen bizitzaren inguruan informazio gehiago ematen dute. Gaur egun ia gazte guztiek dute mugikorra eta datu-konexioa, horrek esan nahi du, edozein lekutan internetera konektatuak daudela. Ez da beharrezkoa ordenagailu baten parean egotea. Teknologia berriek, eguneko edozein momentutan eta non-nahi, intromisioa ahalbideratzen dute. Horregatik, kontrola dimentsio handiagoetara eramaten dute. Gainera, mugak non dauden ahazten ari garela iruditzen zait, noiz sentitzen garen kontrolatuak. Gaur egun, goizeko hiruretan mezuak bidaltzen ari gara, inolako arazorik gabe. Mezuen nahaste-borraste batean sartu gara, beste pertsonak erantzun ahalko duen, nahiko duen… pentsatu gabe. Zentzu horretan, burua apur bat galtzen ari garela esango nuke. Sareek bizitza korapilatu dezakete eta mugak galdu ditugu, noiz sentitzen garen jazarrita eta noiz ez. Espazio propio bat izateko beharraz konturatzea zaila da eta benetan zaila gertatzen zaigu espazio hori babestea.

Orduan, deskonektatzea ere zaila izango dela pentsatzen dut….

Bai. Tratu txarrak eman dizkien gizonarekin banatzen edo distantzia bat jartzen ari diren emakumeentzat oso zaila bihurtzen ari da, teknologia berriak erabiltzen dituztelako eurengana heltzeko. Biktimak mugikorra aldatzen badu, bere bikotekide ohiak zenbaki berria bilatu dezake, erasotzailea bera ere izan daiteke zenbakiz aldatzen duena eta behin zenbakia esku artean izanda, pertsona bat noiz konektatzen den jakin dezakezu. Bere izena aurkitu dezakezu Googlen jarrita, eta berak nahi ez badu ere, bere eduki asko ikus ditzakezu, lagun komunak daudelako tartean. Sareen bitartez erasotzaileak behin eta berriz biktimekin harremanetan jartzen saiatzen dira. Horixe esaten digute harrera etxeetako profesionalek. Etxe haietan oso babestuak daude baina sare sozialak kontrolatzea zailago da, gainera,  ezin zaie esan sare sozialetara ez sartzeko, horrek egon nahi duten toki batean egoteko askatasunik ez dutela esan nahiko lukeelako. Izan ere, sareen bitartez norbaitekin harremanetan jartzea errazagoa da.

– Hala ere, sare sozialak komunikatzeko komunikazio tresna soilak dira, erabileran dago gakoa. Zergatik errepikatzen lehengo patroiak? Non huts egin dugu?

Berdintasunean bizi izan garela sinistu dugu. Baina ez da horrelakorik pasatu, gertatu dena matxismoa aldatu dela da. Matxismoa orain ez da lehen bezain zuzena; gaur egun ez dugu entzuten “neska bat zara, joan zaitez harrikoa egitera” eta gisa horretako gauzak. Ezin zenuen esan emakumea gutxiagotzat zenuenik eta horrelako mezuak ez zirenez onartzen, berdintasun  formal batean bizi izan garela pentsatu dugu. Baina anonimotasunetik eginiko iruzkinek estalkia kendu die berdintasun horri.  Ez dugu atzera egin, ez garelako aldatzera iritsi.

– Gazteek ba al dute, ordea, genero desberdintasunaren kontzientziarik? Ba al dakite jokaera matxistak identifikatzen?

Gauzak oso argi dituzten neska feministen taldeak daude baina oro har, neska gazteek berdintasunean bizi direla uste dute. Gainera, ez dute nahi ezberdintzat jotzea edo diskriminatuak daudela pentsatzea edo biktima papera. “Nik ez dut nahi emakume izateagatik ezberdin tratatua izatea, ezta laguntzea, emakume bezala ez niri pertsona bezala trata naitzatela”.  Gainera, feminismoa, mugimendu sozial gisa ikusi beharrean, munstro bat bezala ikusten dute. Ez digute ezagutzen. Unibertsitateetara joaten gara, feminismo akademikoa iritsi den espazio batera eta hala ere, ikasleek feminismoaz ezer ez dakitela ohartzen gara. Berdintasunean bizi garela saldu digute eta neskak guztiz onartu dute.  Baina, dena den, bi alde ikusten ditut. Hasieran, ez gaituzte aintzakotzat hartzen; ez dituzte desberdintasunak ikusten, ezta beren aurkako indarkeria formak; baina gero azaltzen dizkiegunean identifikatzeko gai dira, bizi izan dituzten egoerak direlako. “Etxera itzultzen bakarrik, pasa al duzue inoiz beldurrik?” galdetzen diegu, orduan egoerak identifikatzen hasten dira eta beraiei ere pasa zaiela pentsatzen dute. “Hau niri eta zuri, bioi, pasa zaiguna, emakume izatearekin zuen zerikusia eta ez zurekin espresuki, zuk egin duzun ezerekin. Emakumeen egoerarengatik da”. Gazteekin konektatzeko eurak bizi dituzte errealitatetara hurbildu behar ditugu, euren bizipenetara. Diskurtso batzuk ez dira oso gertukoak beraientzat baina sexualitatearen inguruan hitz egiten badugu, harremanei buruz, edo lan munduaren inguruan, oraindik diskriminazio handia dagoen mundua, orduan guztia lotuta dagoela jabetzen dira.

-Lehen aipatu duzu, oso aktiboa den ziberfeminismo bat ari da garatzen interneten. Ze iritzi duzu korronte berri horien inguruan?

Sarean egotea aktibistentzat ia derrigorrezkoa dela uste dut. Izan ere, feminismotik sarri jaulki den ideia, gazteengana ez dugula iristen jakin izan da edo gazteak ez direla lehen bezala feminismora hurbiltzen. Feminismoaren inguruan oso ideia kontraesankorrak eta  zitalak bidali dira. Horregatik egon behar dugu sarean, gazteak jakin dezaten zerren inguruan hitz egiten dugun. Bestela, egin dugun guztiak ez du ezertarako balioko, historian geratuko da, eta garrantzitsua da historia presente egitea eta oraina, teknologia berriak badira, han egon behar dugu guk ere mezuak igorriz. Gainera, desberdintasunak badaude teknologia berrietan, barrutik eten behar ditugu. Komunikazioa tresna bezala ere ahalmen handia dute. Beti arriskuak ikusten ditugu, baina eta informazio tresna gisa duten balioa? Beste emakume sareekin lotzeko tresna bezala? Izugarriak dira. Baita ekintza bat antolatzeko ere. Gure mezua urrutiago iristea nahi badugu, aprobetxatu egin behar ditugu.  Gainera interneten gaude, egon nahi edo ez. Gure izenak, gure elkarteak, erakundeak bere buruaz hitz egin dezakete edo bere partez besteak hitz egin dezaten utzi. Beti izango da hobeto guk gure buruaz hitz egitea, esan nahi dudanaren protagonista izatea. Azken batean, sarean indarra ematen dirana jabekuntza da, neure kabuz hitza hartzea. Askoz ere hobea da barrutik parte hartzea babesteko, elkartzeko eta laguntzeko. Sarean gero eta gehiago egotea helburutzat hartu behar dugu feministok. Internet guztion artean eraiki behar dugu, gizon eta emakumeok eta gu ez bagara sartzen, hori ez da aldatuko.

– Nola ikusten duzu, bada, etorkizuna? Egoera aldatuko den itxaropenik ba duzu?

Euren errealitatearekin zerikusia duen zerbaitekin hurbiltzen bagara neska gazteengana, konturatzeko eta aldaketak sortzeko gai dira. Guretan sinisten duen norbait behar dugu, aukera bat ematen diguna eta begiak pixka bat zabaltzen dizkiguna. Gutxinaka gauza ezberdinetaz konturatzen joan diren emakumeen ibilbidea ikusi izan dut, eta horrekin soilik pozik geratu behar da. Jende gutxirengana iristen bagara ere, bana beraiek lehen indarkeriatzat ez zuten zerbait indarkeria bezala identifikatzen badute, hori nahikoa lorpen bada. Horrez gain, lehenbiziko seinaletan konturatzen badira, zerbait maltzurragoa izan aurretik, askozaz ere hobeto.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Información

Esta entrada fue publicada en diciembre 3, 2013 por .

Fotos de Flickr

Follow por los derechos sexuales y reproductivos · sexu eta ugalketa eskubideen alde on WordPress.com

Síguenos en Twitter

información medicusmundi gipuzkoa

943 40 47 40
A %d blogueros les gusta esto: